Zer da Nordic Walking ?

Nordic Walking Ostadar

Nordic Walking edo Ipar martxa, hankei ez ezik, besoei eta orokorrean soinaren goiko alde osoari eragiten dion ibiltzeko modua da. Bi makilaren laguntzaz ibiltzean datza, ez edozein makilarekin, kirol honetarako berariaz sortutakoekin baino.

Mugitzeko era berria da, esan bezala, gorputz osoari eragingo diona; atsegina, leuna eta aldi berean oso eraginkorra, giharren indarra, bihotza, koordinazioa eta mugikortasuna areagotzen dituena.

ZEIN DA NW-aren JATORRIA?
Nordic Walking-a edo Ipar martxa, azken urteotan azkarren areagotu den aisialdirako jarduera fisikoetako bat da. Finlandian du jatorria. Bertan, ipar eskiatzaileek udan zehar, elurrik ez zegoenean, entrenatzen jarraitzeko egokitu behar izan zuten euren kirola, elurrik gabeko lurzoruetan makilekin ibiltzea baitzuten entrenatzeko aukera bakarra. Ipar martxak, beraz, hortxe, aipatu egokitzapen horretan du bere jatorria.

Ipar martxa, gaur egun ezagutzen dugun moduan 90ko hamarkadan sortu zen, kirol honetan aritzeko berariaz sortutako lehen makilak merkaturatu zirenean. Azkar batean hedatu zen Europako iparraldean, hain azkar, non 2004. urtean 3,5 milioi erabiltzaile izateraino heldu baitzen.

Alemanian esaterako, osasun publikoak N.W-eko ikastaroak ordaintzen ditu errehabilitazio zenbait programaren osagarri modura eta hainbat gaixotasunen prebentzio teknika gisa.

NON IBIL GAITEZKE IPAR MARTXAN?
Nordic Walking edo Ipar martxan edozein lurzoru motatan aritu daiteke, hala nola, lur gogorrean, bigunean, belarrean, bidegorrietan, bide berdeetan, asfalto gainean, elur gogorrean zein hondartzan.

Urte sasoiari dagokionez, udan zein neguan, edozein tokitan jardun daiteke eta: hirian zein basoan; aire zabaleko natur giroan, zein kiroldegi itxietan.

DENONTZAKO JARDUERA
Denek jardun dezakete Ipar Martxan.
• Sekulan kirolean aritu ez direnek.
• Osteoporosia, gaixotasun kroniko, zein bizkarreko arazoak dituzten helduek.
• Pisu handiko pertsonek, koipearen metabolismoa areagotzen baitu
• Edozein kirolarik, bere entrenamenduaren osagarri modura erabil daiteke eta.
• Azken finean, guztiz onuragarri eta egokia da sasoia eta itxura hobetzeko zerbait egin nahi duen edonorentzat