Urriaren 26an jokatuko da Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren 28. edizioa
- Datorren astean zabalduko da izen ematea Mertzero eraikineko hitzaldia aretokoan; online egiteko aukera zabalik dago
- 1 dortsala Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimenak eramango du
Urriaren 26an Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren 28. edizioa jokatuko da. Lasterketa 10:30ean abiatuko da Geltoki kaletik eta, ohikoa den bezala, partehartzaileek 10 kilometroko ibilbidea osatu behar dute Okendo plazako helmuga puntura iristeko. Aurreko edizioko etenaren ostean, Roller lasterketa berreskuratzeko ahalegina egin dute.
Okendo plazan aurkeztu dugu Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren edizio berri bat, hogeita zortzigarrena; alboan izan ditugu lasterketa babesten duten enpresa, komertzio eta instituzioak (Bertako Igogailuak, Etxezarreta Harategia, Musika Faktoria eta Lasarte-Oriako Udala). Aterpeako ordezkariak ere bertan izan dira, 2019an hartutako ohitura mantenduz, kategoria ezberdinetan podiuma osatzen duten parte-hartzaileen artean 1.200 € banatuko baitira Aterpeako komertzioetan erabiltzeko erosketa-txarteletan.
Baita Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimeneko ordezkariak. Izan ere, Herri Ekimenak emango du aurten 1 dortsala. Palestinako herriaren aurkako genozidioaren aurrean ezin dugu beste alde batera begiratu, ezin dugu epel jokatu. Zentzu horretan, Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimenak egin duen ibilbidea txalotu eta babestu nahi dugu, batez ere bi urte hauetan Gazan gertatzen ari den sarraskia salatu eta ikusarazteko egin duen lanarengatik. Gure txikitasunean, krosak izan dezakeen bozgorailua Palestinaren aldeko aldarrikapena egiteko uztea erabaki dugu, eta, 28. edizioko 1 dortsala Herri Ekimenak eramango du aurten.
Palestitaren aldeko mugimenduko kideek pozen hartu dute aitortza. “Ostadarrek antolatzen duen Kros herrikoia zita garrantzitsua da lasarte-oriarrontzat kirola, jaia eta aldarrikapenak gurutzatzen diren eguna izaten baita. Krosean korrika egiteko 1 zenbakidun dortsala gure herri ekimenari eskaintzeak adierazten du Ostadar S.K.T.-ko lagunek Palestinan Israel burutzen ari den genozidioa argi eta garbi ikusten dutela eta egoera horri aurre egiteko euren alea jarri nahi izan dutela. Horregatik eman digute 1 zenbakiarekin eta Palestinaren alde korrika egiteko aukera. Aukera benetan ederra da Lasarte-Oriako krosa kirol ekitaldietatik ere halako injustizien kontra egin daitekeela erakusteko”.
Roller lasterketa
Lasterketa, ohikoa den bezala, goizeko 10:30ean hasiko da. Aurrez, roller lasterketan parte-hartuko duten patinatzaileak aterako dira, bi minutuko aldearekin. Iazko etenaren ondoren, roller lasterketa berreskuratzeko ahalegina egin dugu. Ez dakigu lortuko dugun. Donostian egiten den lasterketa bat fetxaz aldatu zuten iaz, eta aurten data berdinean mantendu dute. Eta Gipuzkoako Roller Txapelketarako puntuagarria denez, maila onean dabiltzanak bertara joango direla aurreikusten dugu. Baina, gure lasterketa herrikoia da, eta, roller-herrikoiak, Gipuzkoako Txapelketan parte hartzeko bere burua ikusten ez dutenak, animatu nahi ditugu gurean parte hartzera. Azken erabakia, partehartzaile kopuruaren arabera hartuko dugu.
Gainontzean, aurtengo lasterketak ez du berrikuntza handirik izango. Lasterkarientzako ibilbidea ohikoa izango da, 10 kilometroko herri ibilbidea, Lasarte-Oriako auzo gehienak zehaztuz eta Zubietatik barrena pasaz. Ipar Martxako proban parte hartzen dutenek, berriz, 5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute; aurten, aldaketa txiki bat izango da ibilbidea, kiroldegi berria egiteko lanak direla eta, itxita baitago ibai-ondoko bide-gorria. Distantzia mantentzeko, Zumaburu auzoan luzatuko da. Irteera, aurreko edizioetan bezala, Kros Herrikoiaren ondoren izango da.
Izen-ematea
Ostadar S.K.T.k jakinarazi duenez, dagoeneko zabalik dago izena online emateko aukera (www.ostadarskt.eus webgunean) eta datorren astelehenetik, urriaren 20tik 24a, biak barne, Mertzero aretoko hitzaldi gelan dortsalak erosteko aukera izango da, 17:00etatik 19:30etara. Lasterketa bezperan, berriz, Mitxelingo kiroldegira lekualdatuko da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era (eta baita lasterketa egunean ere, 9:00etatik 10:00etara).
Prezioak, aurreko edizioko berak izango dira: 10 €, Ostadarreko bazkideentzat; eta, 15 €, gainontzeko guztientzat (lasterketa egunean 23 € guztientzat). Izena ematen duten guztiek kamiseta tekniko bat jasoko dute opari (lasterketa bezperan eta lasterketa egunean jaso behar da Mitxelingo frontoian) eta Lasarte-Oriako taberna, jatetxe, okindegi eta bestelako komertzioek eskainitako oparien zozketetan parte hartzeko aukera izango dute. Baita Reala, Bera Bera Eskubaloia eta Gipuzkoa Basket ikusteko sarrerak ere.
Korrika Festa
Helduen lasterketak amaituta, Korrika Festaren 23. edizioaren txanda izango da. 12:00etatik aurrera 1.000 neska-mutil inguru espero dira korrika sei kategoria ezberdinetan: kadeteak (2011-10), infantilak (2013-12), 2020an jaiotakoak, 2019-18an jaiotakoak, 2017-16an jaiotakoak eta 2015-2014an jaiotakoak. Lasterketen hurrenkera horixe izango da eta adinaren arabera, 1.200 eta 100 metro arteko lasterketak egingo dituzte.
Korrika Festan parte-hartzeko izen-ematea urriaren 20an zabalduko da ere. Dortsalak Mertzeroko erakusketa aretoan eros daitezke, 7 euroko prezioan. Trukean, kamiseta tekniko bana jasoko dute eta lasterketa amaitzean, bestelako opariak izango dituzte.







