Bloga

Asko Kostata, laugarren garaipena, Senior 1º Prob Neskak (61-46)

1. FASE 5º JARDUNADIA 15 / MAIATZA / 2021
SENIOR 1º PROBINTZIALA NESKAK MAIALEN CHOURRAUT KIROLDEGIA (LASARTE-ORIA)
LARUNBATA 16:30 OSTADAR S.K.T  – MONDRAGON UNIBERTSITATEA

Bigarren liga honetako bosgarren partidua Senior Neskentzat. Azken partidua galdu ondoren, garaipenaren bidera itzuli nahi genuen. Aurrean Mondragoneko Ointxe taldea. Talde berria ligan, jokalari gazte askorekin eta urte hasieratik sorpresa talde itxura zuena. Lasartera 7 jokalari bakarrik etorri ziren jokatzera, horien artean 3 junior eta partidu amaieran garrantzitsua izan den datu hau.

Gure partidu hasiera ona izan zen. Defentsa indibidualak eta zonakakoak tartekatzen hasi ginen, haiek ez zutena espero eta barruan jokoa asko kargatzen. 11-6 lehen 5 minutuetan. Errotazioak heldu ziren, baina lehen laurden amaieran tinko eusten genuen aurretik, 22-16.

Bigarren laurdena desastre bat izan zen. Haiek jokoa erotu nahi zuten, jokaldi azkarrak, urrutiko hirukoak eta erritmo handia. Guri martxa bat jaistea komeni zitzaigun, baina ez genuen lortu eta haien tranpan erori ginen. Ikaragarria izan zen laurdena, akats bat bestearen atzetik. Eskerrak amaieran bi kanasta jarraian lortuta aurretik heldu ginen atsedenaldira, 30-25.

Atsedenaldian hitz egin genuen. Gu, ez geunden gustora egiten ari ginen jokoarekin eta kanpokoak garaipenean sinisten hasi ziren. Erasoan ez genuen jakin haien 1-2-2 eta 3-2 zonakako defentsen kontra jokatzen, baloiak galtzen jarraitzen genuen eta ezin gure abantailak bilatu. Defentsan sekulako despisteak eta haien jaurtitzaile onenari, 24 zenbakiari, bakarrik jaurtitzen uzten genion. Laurden amaieran atzetik ginen, 38-40.

Azken laurdena hasteko beste hiruko bat kanpotarrentzat. 5 puntu atzetik, 38-43 8 minutu faltan. Azkenean ikasi genuen nola erasotu haien defentsa eta kanasta azpian jaurtiketa errazak lortzen hasi ginen. Nahia Astiazaran juniorrak kanpoko bi jaurtiketa jarrain sartzea lortu zuen, Elenek hiruko bat eta 8 puntuko aldea lortu genuen, 54-46 4 minutu faltan. Arrasatearrak jokalari bat galdua zuten 5 faltekin hirugarren laurdenetik eta 6 jokalarirekin ezin izan zuten erritmoa mantendu. Azken 5 minutuetan ez zuten saskiratzerik lortu, defentsetara berandu heltzen hasi ziren eta amaieran aldea handitzea lortu genuen. 61-46, 23-6ko partziala azken laurdenean.

Partidua ez da ona izan. Bagenekien Arrasateko taldea ez zitzaigula ondo etortzen, haien ezaugarriak kontuan hartuta. Zonakako defentsan egon behar izan dugu minutu askoz, baina despiste asko izan ditugu. Erasoari dagokionez, baloi ugari oparitu ditugu, behin eta berriz akats berdinak egiten eta asko kostatu zaigu partiduak eskatzen zuena ulertzea. Eskerrak, azken minutuetan erreakzioa etorri den eta kanpoko taldea indarrik gabe gelditu den.

Hemendik bi astera Inter-en aurkako partidua daukagu, ligako azkena. Ordu berdinean, beste begi bat Luberri-Zarautz partiduan izango dugu. Partidu hauen emaitzaren arabera, finalerako txartela lortu baitezakegu. Gure partidua irabazi eta itxaron, ez dago besterik!

Partzialak: 22-16 / 8-9 / 8-15 / 23-6

Ane Alberdi 7, Itxaso Mercero 11, Larraitz Izagirre 4, Uxue Anabitarte 17, Haizea del Olmo 12 –bostekoa- Maialen Sevilano -, Eneritz Buiza -, Olatz Bardaji -, Elene Arruti 6, Nahia Astiazaran 4.