Bloga

Azken momenturarte emozioarekin, Senior 1º Probintziala Neskak (56-51)

Ligako laugarren partidua Senior Neskentzat, larunbatean 18.00tan Lasarten. Aurrean Oiarso taldea. Lider zetozen, urteko lehen hiru partiduak irabazita. Ostiraleko entrenamendua ez zen ona izan, larunbateko beroketan ere ikusten zen ez ginela partiduan sartuta eta hasieran garbi ikusi zen hori.

Lehen laurdena oso txarra izan zen. Erasoan ez genuen asmatzen, eraso azkarregiak, defentsa mugitu gabe. Eta defentsan kostatu egiten zitzaigun. Errenteriakoek eraso oso luzeak jokatzen zituzten (30-40 segundutakoak askotan, 24 segunduko kontrola ez egotearen erruz), haien barneko jokalariak bilatuz. Gure posteak faltaz kargatu ziren azkar eta partiduak lehen laurdenean itxura oso txarra zeukan, 7-10 kanpokoen alde.

Bigarren laurdenean, hainbeste jokatzen ez dutenen unea izan zen. Aurrerapausoa eman behar dutela esan zaie azken astean eta aukera aprobetxatu zuten. Unerik txarrenean atera ziren zelaira eta partiduari buelta ematea lortu zuten. Azpimarratzekoa bi jokalariren aportazioa laurden honetan: Maialen Sevillano eta Marta Escudero. Lan ona neskak!

Laurdena oso ona izan zen, partiduan sartzeko balio izan zigun eta atsedenaldira aurretik heldu ginen 30-21.

Hirugarren laurden hasieran partidua puskatzeko aukera izan genuen, baina ez genuen asmatu. Errenteriakoen zonakako defentsa ataskatu zitzaigun eta puntuak lortzea oso garesti zegoen, 38-32 azken laurdena hasi baino lehen.

Bi kanasta azkar eta 10puntuko abantaila geneukan 7 minutu faltan. Orduan nerbioak iritsi ziren, aurreko astean bezala. Joko azkarregia, baloi galduak, errebotean arazoak… eta kanpokoak gerturatu egin ziren. Bi puntura jarri ziren, bi minutu faltan. Berdintzeko eta aurretik jartzeko aukera izan zuten, baina ez zuten asmatu. Azken jokaldiak ongi defenditu genituen eta Laura-Leire konexio batekin eta Uxue Anabitarteren kanasta garrantzitsu batekin partidua ateratzea lortu genuen. Amaieran 56-51.

Talde serio baten aurka, amaiera berdinduarekin, fisikoki gu baino gehiago den talde baten aurka eta lortu dugu garaipena lortzea. Aurreko astean ezin izan genuen, baina honetan bai. Hala ere, partidura ezin gara honela atera, ezin ditugu modu honetan beste hamar minutu jokatu. Amaieran aurretik bagoaz, emaitzarekin jokatzen jakin behar dugu… Hobetzeko gauza asko, hala ere alde positiboarekin geldituko gara eta jokalari guztien aurrerapausoa azpimarratuko dugu. Ostiral honetan beste partidu bat, Ordizian 19.30tan. Aurreko urtean igoera lortu zuen taldeetako bat eta etxean jokatutako bi partiduak irabazi dituena. Entrenamenduetako maila hobetzeko garaia da!

Leire Belartieta 6, Laura Gutierrez 7, Alicia Jimenez 10, Itxaso Mercero 6, Uxue Anabitarte 6.

Ane Alberdi 3, Laraitz Izagirre 2, Marta Escudero 7, Maialen Sevillano 7, Eneritz Buiza 2, June Eizmendi -, Itsaso Ariztimuño -.

Partzialak: 7-10, 23-11, 8-11, 18-19.