EUSKAL LIGARAKO TXARTELA ERRENDIMENDUKO JUNIORRENTZAT
Igandeko partidua ez zen nolanahikoa Ostadarreko neskentzat, irabazita urte osoan zehar bilaturiko helburua lortzen baitzuten, Euskal Ligara sailkatzea. Aurkaria ere ez zen makala, Añorga, azken urteotan partidu berdindu eta final askotan aurrean izandako taldea eta oraindik ere Euskal Ligara sailkatzeko aukerekin iristen zena.
Jokoan genuena kontuan izanda, partidua era bikainean hasi genuen, erabat kontzentratuta eta lehen bi minutuetan 0-6ko partziala lortu genuen. Añorgako taldeak partiduan sartu gabe jarraitzen zuen eta 7. minutuan markagailua 2-11 zen gure alde. Hemen partidua apurtzeko aukera izan genuen, baina ez genuen aprobetxatu eta lehen laurdenaren amaierara 4-11 markagailuarekin iritsi ginen.
- laurdenean partiduko gure momentu txarrenak iritsi ziren. Ez genuen jakin Añorgak proposaturiko 3-2 zonakako defentsa erasotzen, ez genuen gure joko erritmorik aurkitu eta baloi asko galdu genituen. Ondorioa: Añorgaren aldeko 14-2ko partziala. 17. minutuan markagailua 16-13 zen Añorgaren alde. Hutsarte baten ondoren, laurdena ondo amaitzea lortu genuen, hiruko batekin eta erasoan baloia modu egokian mugituz. Atsedenaldian, markagailua 16-19 zen gure alde.
- laurdenari beste hiruko batekin ekin genion eta 6 puntuko aldea lortu genuen. Partidua gogortu egin zen, zonakako defentsek jarraitzen zuten erritmoa markatzen eta markagailuan alde txikiak zeuden, baina betiere gure aldekoak. Hala ere, Añorgartarrek hiruko bat eta urruneko beste bi jaurtiketa saskiratzea lortu zituzten eta markagailua 27na berdintzea lortu zuten 27. minutuan. 3. laurdenak antzeko jarraitu zuen eta amaierara 35-34 markagailuarekin iritsi ginen, Añorgaren alde.
- laurdeneko lehen hiru minutuetan ere partiduak berdin jarraitzen zuen, tentsio handiarekin, eta 7 minuturen faltan markagailua 38-36 zen Añorgaren alde. Hemendik aurrera, partidua amaitu arte, gure minuturik onenak izan genituen. Defentsan gogor aritu ginen, kanasta errazak baimendu gabe eta erasoan gure abantailak aprobetxatuz. 3 minuturen faltan, alde txikia geneukan gure alde, 41-44. Momentu honetan hiruko bat saskiratzea lortu genuen, partidua eskuratzeko oso garrantzitsua izan zena. Jarraian, beste bi saskiratze lortu genituen eta azkenean markagailua handitzea lortu genuen, 41-52 amaitu arte.
Datorren astean, fase honetako azken partidua izango dugu, Easoren aurka, jada presiorik gabe, lehenengo postua lortua baitago. Zorionak neskei, merezi dute eta, lortu dutena ez baita egunero lortzen: Euskal Liga.