Bloga

Hasiera bikaina, 1º Probintzialeko Senior Neskentzat (84-57)

Aurre-denboraldiko 7 aste luzeren ondoren, ligako lehen partidua jokatu genuen Senior Neskek larunbatean Maialen Chourraut kiroldegian. Take taldea aurkari, talde oso intentsoa eta gauzak zail jartzen dituena.

Hasieratik nahi eta espero den taldea izan ginen lasartearrak. Zelai osoan defentsa gogorra, errebotean nagusi eta baloia berreskuratu ahala ziztu bizian kanasta bila. Lehen zatia bikaina izan zen, 41-27 atsedenaldira.

Hirugarren laurdena gehiago kostatu zitzaigun. Uztai azpian kanasta errazak huts egin genituen eta hirukoak ez ziren sartzen. Tolosarrek proposaturiko zonakako defentsak min egin zigun eta erasoan ataskatu egin ginen. Eskerrak defentsan ondo jarraitzen genuela eta jaurtiketa libreetan portzentajea txukuna zela. 60-47 heldu ginen azken laurdenera.

Laugarren laurdena aparta izan zen berriro ere. Hirukoak sartzen hasi ziren, korrika egiteko aukera baliatu genuen eta kontraeraso ederrak burutu genituen. Tolosarrak nekea nabaritzen hasi ziren, faltekin ere arazoak zituzten eta partidua puskatzea lortu genuen. Amaieran 84-57.

Lehen partidua oso ona izan da, baina ez gara erlaxatu behar eta lanean jarraitu behar dugu, egunero ez baititugu 84 puntu sartuko. Larunbatean Cafes Aitona Askatuak aurkari, lehen partiduan Luberri 17 puntugatik garaitu duen taldea. 20.00tan Paco Yoldin izango da!

Partzialak: 21-12 / 20-15 / 19-20 / 24-10

TL: 17/24

Leire Belartieta 6, Yaiza Navarro 4, Alicia Jimenez 15, Itxaso Mercero 21, Uxue Anabitarte 23 –bostekoa

– Haizea Furundarena 4, Laura Gutierrez 3, Leire Beldarrain 3, Uxue Rodriguez -, Marta Escudero -, Elene Arruti 5.