Bloga

IPAR MARTXA ATALAREN 10.URTEURRENA IRAILAREN 28AN OSPATUKO DUGU

 

 

Ostadar Ipar Martxa ataleko kideok 10.urteurrena ospatzeko egun osoko egitaraua prestatu dugu irailaren 28rako: ibilaldia, bazkaria, bertsoak, bakarrizketa, kontzertua, besteak beste.

Atalaren urteurrena ospatzeko jai egun bat antolatu dugu egitarau xume batekin, herriko taldeen laguntza eta “Tratu on Bat” markaren babesarekin, irailaren 28rako. Festa egun hau ez dugu Ostadarreko kideontzat bakarrik izatea nahi, herriko biztanleak gonbidatzen ditugu parte hartzera.

Goizeko 9:00etan ibilaldiari ekingo diogu Okendo plazatik eta hamaiketakoa Santa Barbaran prest egongo da martxalari guztientzat. Ibilaldia amaituta Erketzeko dantzariek agurra dantzatuko digute eta ondoren trikipoteoa egingo dugu herriko erdigunetik.

Bazkaria eta ondorengoak

Bazkaria eta ondorengo egitaraua Pintore kalean izango da, Oriarte BHIko eraikinaren ondoan eta euria egingo balu ikastetxeko patioan. Beltzak Errugbi taldeko kideek bazkaltzeko bi paella goxo prestatuko dituztela esan digute, bata beganoa eta bestea haragiarekin, edaria, postrea eta kafea ere egongo da.

Tiketak Arkupe eta Buenetxea tabernetan edo Ostadarreko bulegoan eros daitezke – helduena 20€ eta umeena 10€ -, irailaren 24a bitartean.

Bazkal ondoren Earra Bertso Eskolako lagunak bertsotan arituko dira; Bea Egizabal eta Intza Alkainek saio bat eskainiko digute; Porrotx eta Bizipoza kantukolore!, ipar martxako kideek prestatutako dantza…

Arratsaldeko 18:30etatik aurrera musikarien txanda izango da: Elektropottotte, Denboraz Kanpo eta Auskalo.

Beraz, ospakizun honetaz parte hartzera eta gozatzera gonbidatzen zaituztegu, 10 urteko jarduera osasuntsuak merezi du eta.

Bertan elkar ikusiko gara!

                 GORA OSTADAR IPAR MARTXA!!!!