Bloga

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia eta Korrika Festa, bertan behera

Ostadar SKTak lasterketak ez antolatzea erabaki du eta 2021erako utzi ditu 25. urteurreneko ospakizunak

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiarentzat urte berezia zen aurtengoa, ospakizun urtea. Hutsik egin gabe, urriko azken igandeko zitak zilarrezko ezteiak betetzen zituen aurten, baina COVID 19aren pandemiak eragindako murrizketak tarteko, Ostadar SKT-k Kros Herrikoiaren 25. urteurrena eta Korrika Festaren 20.ena 2021 urtera atzeratzeko erabakia hartu du.

Bi arrazoi nagusiengatik hartu da erabakia: batetik  antolakuntzak ezin ditu beregain hartu lasterketa antolatzeko Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzak eta bestetik, lehenengoa garrantzitsua izanik, bigarrenean jarri dute fokoa, “Kros Herrikoiak 25 urte betetzen ditu aurten, eta bizi dugun egoeran, ezin dugu lasterketak merezi duen ospakizun festa antolatu; ez kirol arloan, ezta arlo sozioekonomikoan ere”.

2021era atzeratu

Antolakuntzak lasterketa atzeratzeko erabakia aurreko astean hartu zuen, azken unera arte egoerak onera egingo zuen itxaropenarekin. Egoerak hobera egin ez duela ikusita, erabakiak ezin zuen gehiago itxaron. “Babesle eta laguntzaileei erabakiaren berri eman ondoren, herritarrei jakinarazteko bidali dugu prentsa-oharra”.

Eta jakinarazpenarekin batera, 2021 urtean Kros Herrikoia eta Korrika Festa antolatzeko konpromisoa. “Ziur gaude, horrela espero dugu behintzat, egoerak hobera egingo duela eta 2021eko urriaren 31n herritar eta bisitariekin batera Lasarte-Oria koloretako zapatilekin alaituko dugula”.