Bloga

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren 21. edizioa urriaren 30ean izango da

 

  • Izen-ematea zabalik dago Internet bidez, eta datorren ostegunetik aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxean egiteko aukera izango da
  • Aurtengo edizioan 1 zenbakidun dortsala Jalguneko ordezkariek eramango dute
  • Lehen aldiz, patin- lasterkariak izango dira, erakustaldi modura

 

Ostadar Saiarre Kirol Taldeak Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXI. edizioa aurkeztu du. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo nobedade nagusia patin-lasterkarien erakustaldia izango da, datozen edizioetan izen-ematea zabaltzeko helburuarekin egingo dena. 1 zenbakidun dortsala, berriz, aurkezpen prentsaurrekoan izan diren Jalguneko lagunek eramango dute.

 

Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiaren XXI. edizioa urriaren 30ean korrituko da, goizeko 10:30ean hasita –gurpildun aulkikoak bi minutu lehenago eta patin-lasterkariak korrikalariak baino minutu erdi bat lehenago aterako dira– eta azken edizioetako ohitura mantenduz, lasterketa hasi aurretik korrikalari guztiei agurra dantzatuko zaie. Irteera puntua Frutas Ruiz fruta-dendaren parean izango da, eta helmuga berriz, Okendo plaza iritsi baino pixka bat aurrerago. Parte-hartzaileek 10.500 metroko ibilbidea bete beharko dute.

 

Horraino ez da nobedaderik. XXI. Edizioak, ordea, izango du berritik. Izan ere, lehen aldiz patin-lasterkariak ikusteko aukera izango da. Ez da ohiko lasterketa izango, erakustaldia baizik. Haatik, partehartzaileek gonbidapena beharko dute. Froga moduko bat izango da, etorkizunean patin lasterketa antolatzeko aukera izango dugun ala ez esango diguna. Maila oneko hogeita hamar bat patin-lasterketari gonbidatuko ditugu, beraz, aurten behintzat ez du edonork parte hartzeko aukerarik izango. Aurtengo froga pasa ondoren, patin lasterketa antolatzeko aukera baldin badago, helburua da datozen edizioetan izen-ematea zabaltzea.

 

Izen-ematea, kulturetxean

Aurreko edizioan egin bezala, aurten ere izen-ematea Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egingo da. Ostegunean, urriaren 20an, zabalduko da epea. Astelehenetik ostiralera egin ahal izango da, 17:00etatik 20:00etara. Urriaren 29an, berriz, Mitxelingo frontoian egin ahal izango da (11:00-14:00 eta 17:00-19:30), lasterketa egunean bezala (9:00-10:00). Internet bidez egitea nahiago dutenek, dagoeneko zabalik dago online izen-ematea www.ostadarskt.eus eta www.sailkapenak.com web orrialdeetan. Izen-emateak 12 euroko balioa du; Ostadarreko bazkideentzat, 8 euro. Azkeneko egunerako uzten dutenek –kasu guztietan–, 20 euro ordaindu beharko dute.

 

Partehartzaileek dortsalak, kamiseta teknikoak eta horrela egokituz gero, sariak, lasterketa bezperan eta lasterketa egunean jaso behar dituzte Mitxelingo frontoian; larunbatean, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara. Igandean, berriz, 9:00etatik 10:00ak arte. Dortsalak eta kamisetak jasotzeko egiaztagiriren bat aurkeztea derrigorrezkoa dela gogorarazi dute. Internet bidez izena ematen dutenek, NAN, ENHA edo bestelakoren bat; eta lokalean izena ematen dutenek, bertan  jasok duten agiria.

Azkeneko bi edizioetan bezala, denbora neurtzeko txipa dortsalak eramango du integratuta. Beraz, txip horirik ez da onartuko.

 

Korrika Festa

Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Korrika Festaren XVI. edizioa hasiko da. Aurreko edizioan egin bezala, aurten ere ez da mugarik jarriko eta izena ematen duten korrikalari guztiek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Izen-ematea Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egin behar da. Haur bakoitzak 5 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta bat, domina bat eta edateko jogurt bana jasoko dituzte.

 

Ostadar S.K.T.k aurreratu duenez, aurten lasterketen hurrenkera aldatu egingo da. Irteten lehenak infantil eta kadete mailako korrikalariak izango dira, eta bi lasterketa horiek amaitzean, 2011n jaiotakoak, 2009-10, 2007-08 eta 2005-06 urteetan jaiotakoak aterako dira. Bi lasterketa horiek indartu nahian gabiltza, eta ikusle gehien biltzen den unean egitea erabaki dugu. Adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte partehartzaileek.

 

Bat zenbakia, Jalgunek

Lasterketaren aurkezpenean, antolatzaileek 1 zenbakia banatu dute. Aurtengoan Jalgunek eramango du, elkartearen 25. urteurrenean. Azken edizioetan emandako laguntza eskertzeko modu egokia dela iruditzen zaigu nolabaiteko errekonozimendu publiko hau. Eta bide batez, etorkizunean elkarlanean jarraitzeko gonbita ere bada. Baina Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiaz haratago, Jalgunek gazteekin aisialdian egiten duen lana goraipatu nahi izan du Ostadarrek.

 

Amaitu aurretik, Ostadar S.K.T.ak eskerrak eman dizkie lasterketa antolatzen eta lasterketa egunean laguntza emango duten guztiei. Eta nola ez, lasterketa aurrera ateratzeko babesa eman duten guztiak izan dituzte gogoan, Etxezarreta harategia, Avenida taberna, Frutas Ruiz fruta-denda, TaPuntu, Rural Kutxa, Ventanas San Miguel eta Lasarte-Oriako Udala.