Bloga

Lasarte-Oria Bai Krosak 1.200 € banatuko ditu erosketa-txarteletan Aterpeako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko

2019.urtean hasitako ekimenak jarraipena izango du Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren 25. urteurrenean. Ostadar SKTak antolatzen duen lasterketako kategoria ezberdinetako irabazleek ez dute trofeorik jasoko, trukean, Aterpeako establezimenduetan erosketak egiteko erosketa-txartelak jasoko dituzte. 

Hortaz, trofeoetarako aurreikusita dagoen diru kopurua herrian erosketak sustatzera bideratuko du Ostadar SKTk. “Lasterketaren filosofiarekin bat egiten duen erabakia da, herriarekin eta herriarentzat. Krosa antolatzen dugu, bai, baina izugarri asebetetzen gaitu urriko azken igandean herrian sortzen den giroak, bertako taberna eta jatetxeek egiten duten lanak, … Gure hondar alea da, eta Aterpeako komertzioetan erosketak bideratzeko erabakia bide beretik doa”, adierazi dute antolatzaileek.

Lehenengo sailkatuek, beraz, lortzen duten sailkapenaren arabera 60-40 eta 20ko erosketa bonoak jasoko dituzte, urtea bukatu aurretik Aterpeako bazkidearen dendetan trukatu beharko dituztenak.

Aterpeak ere begi onez hartu du erabakia eta esker oneko hitzak izan ditu antolatzaileentzat. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Ostadar SKT-ri kirolaren festa handi hau antolatzeko egin duen ahaleginagatik eta dedikazioagatik, Lasarte-Oriara hainbeste jende erakartzeagatik eta udalerrian kontsumoa sustatzeagatik”, adierazi dute.