Bloga

LEHENENGO PORROTA ERRENDIMENDUKO JUNIORRENTZAT

Urteko lehenengo porrota errendimenduko Juniorrentzat, Paco Yoldi kiroldegian Cafes Aitona Askatuak-en kontra (40-38). Ostadarrekoak partidu guztiak irabazita iristen ginen partidu honetara (5-0) eta Askatuak berriz partidu bakarra irabazita (1-3). Hala ere, hasieratik argi geratu zen partidua ez zela erraza izango. Donostiarrek bikain hasi zuten partida eta gu berriz lo atera ginen, 8. minutuan 10-0koa zen markagailua. Hutsarte baten ondoren esnatzea lortu genuen, baina hala ere lehen laurdenaren amaieran markagailua 12-5 zen.

Bigarren laurdenak berdin jarraitu zuen, Askatuak taldea bere partidua egiten eta gu berriz zeharo galduta. Ez genuen jakin 3-2ko zonakako defentsa erasotzen eta kanasta errazak eta jaurtiketa libreak huts egiten jarraitu genuen. Atsedenaldian markagailuan 12 puntuko aldea zegoen, 24-12. Hala ere, bagenekien bigarren zatia geneukala gure alde eta partiduari buelta emateko gai ikusten ginen.

Hirugarren laurdenean 2-3ko zona baten bidez defentsan asko hobeto genuen eta erasoan lana eginda eta baloia mugituz, kanasta errazen bat sartzea lortu genuen, markagailuan apur bat gerturatuz. Askatuakek caja+1eko defentsa planteatu zigun bigarren zati osoan eta honen kontra erasotzea ere asko kosta zitzaigun. Horrela, 3. Laurdenaren amaieran aldea 8 puntukoa zen, 31-23.

Laugarren laurdenean, kontrako aldea ikusirik, defentsa aurreratu eta kantxa osoan presionatzea erabaki genuen. Aldea 6 puntutara jaistea lortu genuen, eta oso defentsa ona egiten ari ginen, baina Askatuakek zortea alde izan zuen eta erasoko azken segunduetan kanasta zailak lortuz, 7-0 partziala lortu zuen eta berriro 13ko aldea lortu. 4 minutu faltan markagailua honakoa zen, 40-27. Momentu honetan, gure taldeak duen maila eta kemena erakutsi zuen, defentsa bikaina eginez eta baloi ugari lapurtuz. Erasoan ere asmatzea lortu genuen, pixkanaka aldea jaitsiz eta Askatuaki gorputzean beldurra sartuz. Baina jada berandu zen, eta azkenenean 2 puntutara geratu ginen, 40-38.

Azkenik, esan beharra dago taldea minduta dagoela, ez baikaude ohituta galtzera, baina orain da momentua lanean jarraitu eta gure onena emateko. Lehenengoak jarraitzen dugu sailkapenean eta oraindik beste 8 partidu geratzen zaizkigu gure helburua lortzeko, Euskal Ligarako sailkatzea. Asteburu honetan atsedenaldia daukagu eta datorren igandean izango dugu aukera berriro garaipenaren bideari eusteko, 12:00etan Bidebietan Easoren kontra izango dugun lehen itzuli honetako azken partiduan.