Bloga

Senior Neskak Garaipena Estrenaldian

Ostadarreko saskibaloiko senior nesken historiako lehen partiduan garaipena, partidu zaila jolastu eta asko sufritu ondoren. Badakigu ez gaudela ondo, ordubeteko hiru entrenamendu eta gero iristen ginen partidura, amistosorik jolastu gabe, fisikoki gaizki eta bost junior etorri behar izan ziren partidura, taldea osatzeko.

Partiduaren hasiera gogorra izan zen, Atletikoko taldea ona da, gu baino landuagoa dago eta hasieratik ikusi zen hori. 5. Minuturako, markagailua 4-10 zen Atletikoren alde, kontraerasoan kanasta errazak lortzen zituzten eta gu ez ginen gai erasoan modu antolatuan jokatzeko. Okerrena ez zen hori, 5. Minuturako zelaian zeuden bost jokalaritik 3 aldaketa eskatzen zeuden, fisikoki ezinean … Juniorren sarrerarekin erritmoa apur bat igotzea lortu genuen eta barneko jokoan geneukan abantailaz oharturik, hobeto jokatzen hasi ginen eta lehen laurden amaierarako markagailua berdindu genuen 16-16.

Bigarren laurden hasiera bikaina egin genuen defentsan, Atletikoren kontraerasoak gelditzea lortu genuen, gure artean laguntza bikainak egin genituen eta errebotean nagusi ginen. Lehen 5 minutuetan Atletikok ez zuen punturik sartzea lortu eta markagailuan 24-18 aurreratu ginen. Baina bigarren laurden amaierarako, fisikoki behera egin genuen ea Atletiko berriz ere korrika egiten eta kanasta errazak lortzen hasi zen. Hala ere, atsedenaldira abantaila txiki batekin heltzea lortu genuen 30-25.

Hirugarren laurdena oso txarra izan zen. Atletikoko taldeak zonakako defentsa egin zigun eta ez genuen erasotzen jakin (normala, hau entrenatu ere ez dugu egin oraindik). Zorionez, haiek ere ez zuten erasoan asmatzen eta hirugarren laurdeneko partziala, 8-8 eskas bat izan zen, azken laurdenera 38-33 helduz.

Azken laurdenari Atletikoko taldeak hobeto ekin zion eta lau minuturen faltan markagailua berdintzea lortu zuen, 42-42. Hemendik aurrera, partiduko azken lau minutuak sufrimenduzkoak izan ziren bi taldeentzat. Baloi galduak, faltak, huts egindako jaurtiketa errazak, epailearen huts egiteak, jaurtiketa libreak … Minutu baten faltan, kanasta zail bat sartzea lortu genuen eta lau puntuko aldea eskuratzea, 48-44. Atletikok kanasta bat lortu zuen, bi puntura gerturatzea lortuz, baina partidua definitiboki irabazteko bi jaurtiketa libreetan ez genuen hutsik egin eta Atletikok azken erasoa huts egin zuenez, 4 puntuko aldearekin irabaztea lortu genuen, 50-46.

Jokalariak: Ohiane Lizaso 2, Leire Belartieta 5, Itxaso 12, Paula Uli 6, Haizea del Olmo 10 -bostekoa- Yaiza Navarro 8, Uxue Balerdi 4, Aitane Matin 2, Leire Beldarrain 1, Ainara Bardaji -.

Partzialak: 16-16, 14-9, 8-8, 12-13.