Bloga

Urriaren 27an jokatuko da Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXIV. edizioa

  • Izen-ematea zabalik dago Internet bidez, eta urriaren 17tik aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxean egiteko aukera izango da
  • Lehen aldiz, irabazleek erosketa-bonoak eskuratuko dituzte Lasarte-Oriako denda eta komertzioetan erosketak sustatzeko
  • Ipar Martxako iazko erakustaldiaren ondoren, aurten lehenengo froga egingo da

 

Ostadar Saiarre Kirol Taldeak Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXIV. edizioa aurkeztu du. Nobedadeen artean, Ipar Martxako lehen edizioa, eta kategoria bakoitzeko lehenengo sailkatuentzako garaikurren ordez, herriko denda eta komertzioetan trukatzeko erosketa-bonoak banatuko direla. Prentsaurrekoan 1 zenbakia Fede Otaegik eramango duela iragarri dute.

 

Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiaren XXIV. edizioa urriaren 27an korrituko da, goizeko 10:30ean hasita. Aurtengoan korrikalariak, patin-lasterkariak eta Ipar Martxako ibiltariak izango dira helmuga puntuan. Irteera puntua Frutas Ruiz fruta-dendaren parean izango da, eta helmuga berriz, Okendo plazaren sarreran. Parte-hartzaileek 10.000 metroko ibilbidea bete beharko dute.

XXIV. edizioko nobedade nagusia Ipar Martxako lehenengo proba  izango da . “Iazko frogaren ondoren, aurten izen-ematea zabaldu eta lasterketa irekia izango da. Helburua da lasterketa finkatzea eta ipar martxalarien egutegian lekutxo bat egitea. Herrialde Katalanetatik taldetxo bat etorriko dela badakigu, eta herritarrak animatzea espero dugu”, adierazi dute antolatzaileek. Ipar Martxako ibiltariek 5.000 metroko ibilbidea osatu beharko dute, iazko ibilbide bera.

Beste nobedadea oholtzan izango da. Orain arte, kategoria ezberdinetako irabazleek garaikurra jasotzen zuten. Aurten, berriz, herriko denda eta komertzioetan erosketak egiteko ohitura sustatu nahian, irabazleek erosketa-bonoak jasoko dituzte Aterpeako komertzioetan, jatetxe eta tabernetan edota zerbitzu enpresetan erabiltzeko. “Bere garaian Ostadarrek Lasarte-Oria Bai egitasmoa abiatu zuen helburu berarekin, eta krosari izen bera jarri zion: Lasarte-Oria Bai. Filosofia hori oso presente dago krosa antolatzen dugunon artean, eta filosofia hori sustatu nahian hartu dugu sariak aldatzeko erabakia”.

Lasterketari dagokionez, hiru modalitate izango dira, eta beste horrenbeste irteera. 10:28ean, patin-lasterkariak irtengo dira; 10:30ean, korrikalariak; eta azkenik, Ipar Martxako ibiltariak. Aurreko edizioko ibilbidea errepikatuko da aurten ere.

Izen-ematea, zabalik

Dagoeneko zabalik da izen-ematea, baina momentuz Internet bidez baino ezin da egin www.ostadarskt.eus eta www.sailkapenak.com web orrialdeetan. Datorren asteko ostegunetik, urriaren 17tik, aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egiteko aukera zabalduko da, 17:00etatik 20:00etara –astelehenetik ostiralera–. Urriaren 26an, berriz, Mitxelingo frontoian egin ahal izango da (11:00-14:00 eta 17:00-19:30), lasterketa egunean bezala (9:00-10:00). Izen-emateak 12 euroko balioa du; Ostadarreko bazkideentzat, 8 euro. Azkeneko egunerako uzten dutenek –kasu guztietan–, 20 euro ordaindu beharko dute.

Partehartzaileek dortsalak, kamiseta teknikoak eta horrela egokituz gero, sariak, lasterketa bezperan eta lasterketa egunean jaso behar dituzte Mitxelingo frontoian arestian zehaztutako ordutegian. Dortsalak eta kamisetak jasotzeko egiaztagiriren bat aurkeztea derrigorrezkoa dela gogorarazi dute. “Internet bidez izena ematen dutenek, NAN, ENHA edo bestelakoren bat; eta lokalean izena ematen dutenek, bertan  jasok duten agiria”.

Korrika Festa

Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Korrika Festaren XIX. edizioa hasiko da. Izen-ematea Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egin behar da. Haur bakoitzak 5 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta bat, dortsala edateko jogurt bana eta gailetak jasoko dituzte.

Lehenengo lasterketak infantil eta kadete mailako korrikalarienak izango dira, eta bi lasterketa horiek amaitzean, 2014an jaiotakoak, 2011-10, 2009-08 eta 2007-06 urteetan jaiotakoak aterako dira. Adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte partehartzaileek.

Bat zenbakia, Fede Otaegirentzat

Lasterketaren aurkezpenean, antolatzaileek 1 zenbakia banatu dute. Orain arteko edizio guztietan parte hartu duen Fede Otaegik eramango du aurten dortsal seinalatua. “Ez dauka meritu makala, 24 urtetan hutsik egin gabe gurekin izan da, eta lasterketari erakutsi dion leialtasunagatik bakarri merezi du 1 zenbakia. Eta bakarrik diogu, Federen partehartzea ez delako lasterka egitera mugatzen. Beti dago prest ezkutuko lanak egiteko: materiala ekarri, bueltan eraman, edo ezkutuko bestelako lanak egiteko”.

Amaitu aurretik, Ostadar S.K.T.ak eskerrak eman dizkie lasterketa antolatzen eta lasterketa egunean laguntza emango duten guztiei. Eta nola ez, lasterketa aurrera ateratzeko babesa eman duten guztiak izan dituzte gogoan: Etxezarreta harategia, Avenida taberna, Frutas Ruiz fruta-denda, Ventanas San Miguel, Lasarte-Oriako Udala, Bertako Igogailuak eta Factory.