Bloga

Urriaren 28an jokatuko da Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXIII. edizioa

  • Izen-ematea zabalik dago Internet bidez, eta urriaren 18tik aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxean egiteko aukera izango da
  • Aurreko edizioan ibilbidean aldaketak egin ziren, eta iazko ibilbide bera mantenduko da
  • Ipar Martxako erakustaldia egingo da lehen aldiz

 

Ostadar Saiarre Kirol Taldeak Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXIII. edizioa aurkeztu dugu. Aurreko edizioan egindako aldaketak lasterketa hobetu zutelako eta korrikalariek begi onez hartu zituztenez iazko ibilbide bera mantenduko dugu. Nobedadeen artean, berriz, Ipar Martxako erakustaldia izango dugu. 1 zenbakidun dortsala Euskaraldiko 11koak eramango du.

 Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiaren XXIII. edizioa urriaren 28an korrituko da, goizeko 10:30ean hasita. Aurtengoan korrikalariak, patin-lasterkariak eta Ipar Martxako ibiltariak izango dira helmuga puntuan. Irteera puntua Frutas Ruiz fruta-dendaren parean izango da, eta helmuga berriz, Okendo plazaren sarreran. Parte-hartzaileek 10.000 metroko ibilbidea bete beharko dute.

XXIII. edizioko nobedade nagusia Ipar Martxako ibiltarien partehartzea izango da, froga gisa. Patin-lasterkariekin egin genuen bezala, froga bat egin nahi dugu partehartzaile guztien arteko elkarbizitza posible den ala ez aztertzeko. 50 bat izango dira helmuga puntuan, eta froga balekoa dela ikusten bada, XXIV. edizioan izen-ematea irekia izango da. Ipar Martxako ibiltariek 5,3 kilometroko ibilbidea osatuko dute.

Aurreko edizioko ibilbidea errepikatuko da aurten ere. Patin-lasterkariak lasterketan integratzeko aldaketak egin genituen iaz, baina ibilbidea hobetu genuela eta korrikalarien artean begi onez hartu zirela ikusirik, ibilbidea mantenduko dugu.

Lasterketa berean hiru modalitate izango direla kontuan hartuta, beste horrenbeste irteera izango dira. 10:25ean, patin-lasterkariak irtengo dira; 10:30ean, korrikalariak; eta azkenik, Ipar Martxako ibiltariak.

 

Izen-ematea, zabalik

Dagoeneko zabalik da izen-ematea, baina momentuz Internet bidez baino ezin da egin www.ostadarskt.eus eta www.sailkapenak.com web orrialdeetan. Ostegunetik, urriaren 18tik, aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egiteko aukera zabalduko da, 17:00etatik 20:00etara –astelehenetik ostiralera–. Urriaren 27an, berriz, Mitxelingo frontoian egin ahal izango da (11:00-14:00 eta 17:00-19:30), lasterketa egunean bezala (9:00-10:00). Izen-emateak 12 euroko balioa du; Ostadarreko bazkideentzat, 8 euro. Azkeneko egunerako uzten dutenek –kasu guztietan–, 20 euro ordaindu beharko dute.

Partehartzaileek dortsalak, kamiseta teknikoak eta horrela egokituz gero, sariak, lasterketa bezperan eta lasterketa egunean jaso behar dituzte Mitxelingo frontoian arestian zehaztutako ordutegian. Dortsalak eta kamisetak jasotzeko egiaztagiriren bat aurkeztea derrigorrezkoa dela gogorarazi dute. Internet bidez izena ematen dutenek, NAN, ENHA edo bestelakoren bat; eta lokalean izena ematen dutenek, bertan  jasok duten agiria.

 

Korrika Festa

Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Korrika Festaren XVIII. edizioa hasiko da. Izen-ematea Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egin behar da. Haur bakoitzak 5 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta bat, domina bat, edateko jogurt bana eta gailetak jasoko dituzte.

Lehenengo lasterketak infantil eta kadete mailako korrikalarienak izango dira, eta bi lasterketa horiek amaitzean, 2013an jaiotakoak, 2012-11, 2010-09 eta 2008-07 urteetan jaiotakoak aterako dira. Bi lasterketa horiek indartu nahian gabiltza, eta ikusle gehien biltzen den unean egitea erabaki dugu. Adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte partehartzaileek.

  

Bat zenbakia, Euskaraldiarentzat 

Ostadar S.K.T.ak Euskaraldia ekimenarekin bat egin du hasiera-hasieratik eta 1 zenbakia Lasarte-Oriako 11ko kideek eramango dute. 1 zenbakiarekin pertsonak omendu izan ditugu, baina aurtengoa Euskaraldiaren urtea denez, bat egin nahi dugu ekimenarekin eta gure hondar alea modu honetan jartzea erabaki dugu.

Ostadar S.K.T.k eskerrak eman dizkie lasterketa antolatzen eta lasterketa egunean laguntza emango duten guztiei. Eta nola ez, lasterketa aurrera ateratzeko babesa eman duten guztiak izan dituzte gogoan: Etxezarreta harategia, Avenida taberna, Frutas Ruiz fruta-denda, Ventanas San Miguel eta Lasarte-Oriako Udala.