Urriaren 29an, Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia azal berrituarekin
- Ibilbidean aldaketak egin dira, distantzia 10 kilometrora egokituz
- 1go Roller Herrikoia jokatuko da, eta nahi duen orok izango du bertan parte hartzeko aukera
- Izen-ematea zabalik dago Internet bidez, eta datorren ostegunetik aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxean egiteko aukera izango da
Ostadar Saiarre Kirol Taldeak Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXII. edizioa aurkeztu du. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurreko edizioan egindako frogaren ondoren, aurten 1go Roller Herrikoia jokatuko da. Eta ibilbidean aldaketak iragarri dituzte “korrikalarien eta patin-lasterkarien elkarbizitza errazteko”. 1 zenbakidun dortsala Lasarte-Oriako DVko eta Txintxarriko kazetariek eramango dute.
Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiaren XXII. edizioa urriaren 29an korrituko da, goizeko 10:30ean hasita; sei minutu lehenago patin-lasterkariak aterako dira eta bi lehenago, gurpildun aulkikoak. Irteera puntua Frutas Ruiz fruta-dendaren parean izango da, eta helmuga berriz, Okendo plazaren sarreran. Parte-hartzaileek 10.000 metroko ibilbidea bete beharko dute.
1go Roller Herrikoia eta ibilbidean egingo diren aldaketak dira aurtengo nobedade nagusiak. “Iaz, froga modura, 25-30 patin-lasterkari gonbidatu genituen. Korrikalari eta patin-lasterkarien arteko elkarbizitza posible ote zen aztertu nahi genuen. Baietz ikusi genuen, eta aurreko edizioan hartutako konpromisoa betez, 1go Roller lasterketa antolatu dugu, oraingo honetan irekian, 16 urtetik gorako edonork parte hartzeko moduan”.
Bi lasterketak antolatzeko ibilbidean aldaketak egin behar izan dira. “Ohiko ibilbidearekin ezinezkoa zen elkarbizitza hori bermatzea eta zenbait aldaketa egin behar izan ditugu, guztiak hasierako kilometroetan. Lehendabiziko kilometroa berdina izango da, baina aurten lasterketa ez da merkatal gunetik herrira itzuliko, Goiegi aldera joko du”. Horrela, patin-lasterkariak korrikalariak baino sei minutu lehenago ateratzeko aukera izango dute, euren artean ez gurutzatzeko eta lehen korrikalariak azken patin-lasterkaria harrapatzeko zailtasuna jarriz”.
Beste aldaketa esanguratsua Institutuko errontondan dator. Martin Berasategi jatetxeko aldapa ekiditeko, partehartzaileak Sasoeta aldera sartuko dira, Sasoeta ibilbidea eta Buruntza kaletik Tajamarreraino. Gero, Kale Nagusia hartuta Arkupeko errotondara gerturatuko da, eta hortik aurrera, betiko ibilbidea izango da. Aldaketa hauekin, ibilbidea 10 kilometroko distantziara egokitu da.
Izen-ematea, zabalik
Dagoeneko zabalik da izen-ematea, baina momentuz Internet bidez baino ezin da egin www.ostadarskt.eus eta www.sailkapenak.com web orrialdeetan. Ostegunetik, urriaren 19tik, aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egiteko aukera zabalduko da, 17:00etatik 20:00etara –astelehenetik ostiralera–. Urriaren 28an, berriz, Mitxelingo frontoian egin ahal izango da (11:00-14:00 eta 17:00-19:30), lasterketa egunean bezala (9:00-10:00). Izen-emateak 12 euroko balioa du; Ostadarreko bazkideentzat, 8 euro. Azkeneko egunerako uzten dutenek –kasu guztietan–, 20 euro ordaindu beharko dute.
Partehartzaileek dortsalak, kamiseta teknikoak eta horrela egokituz gero, sariak, lasterketa bezperan eta lasterketa egunean jaso behar dituzte Mitxelingo frontoian; larunbatean, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara. Igandean, berriz, 9:00etatik 10:00ak arte. Dortsalak eta kamisetak jasotzeko egiaztagiriren bat aurkeztea derrigorrezkoa dela gogorarazi dute. “Internet bidez izena ematen dutenek, NAN, ENHA edo bestelakoren bat; eta lokalean izena ematen dutenek, bertan jasok duten agiria”.
Korrika Festa
Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Korrika Festaren XVII. edizioa hasiko da. Aurreko edizioan egin bezala, aurten ere ez da mugarik jarriko eta izena ematen duten korrikalari guztiek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Izen-ematea Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egin behar da. Haur bakoitzak 5 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta bat, domina bat, edateko jogurt bana eta gailetak jasoko dituzte.
Aurreko edizioan egin bezala, irteten lehenak infantil eta kadete mailako korrikalariak izango dira, eta bi lasterketa horiek amaitzean, 2012an jaiotakoak, 2011-10, 2009-08 eta 2007-06 urteetan jaiotakoak aterako dira. “Bi lasterketa horiek indartu nahian gabiltza, eta ikusle gehien biltzen den unean egitea erabaki dugu”, horrela arrazoitu dute aldaketa. Adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte partehartzaileek.
Bat zenbakia, kazetarientzat
Lasterketaren aurkezpenean, antolatzaileek 1 zenbakia banatu dute. Aurtengoan Txema Valles Diario Vascoko kazetariak eta Txintxarri aldizkariko lantaldeak eramango dute. “Lehenengo ediziotik Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren bozgorailu izan dira, lasterketaren berriak gizarteratzen lagundu dute eta beti prest agertu dira laguntzeko. Errekonozimendu txikia da eskaini diguten laguntzaren ondoan, baina egin beharrekoa”.
Amaitu aurretik, Ostadar S.K.T.ak eskerrak eman dizkie lasterketa antolatzen eta lasterketa egunean laguntza emango duten guztiei. Eta nola ez, lasterketa aurrera ateratzeko babesa eman duten guztiak izan dituzte gogoan: Etxezarreta harategia, Avenida taberna, Frutas Ruiz fruta-denda, Ventanas San Miguel eta Lasarte-Oriako Udala.
Informazio gehiagoOstadar Kirol Fundazioa 679 202899 (Aitor) |