Bloga

GARAIPENA EUSKAL LIGAKO LEHEN PARTIDUAN

Larunbateko partidua, Atletiko San Sebastianen aurkakoa, Ostadarreko saskibaloiaren historian Euskal Ligan jolasten zen lehena zen. Urte osoan zehar hemen egoteko borrokatu ondoren, fase berri honi hasiera ematen genion. Aurkako taldea, Atletiko, Euskal Ligako lehen fasean, 6. sailkatua izan da eta hortaz orain Euskal Ligan mantentzeko faboritoetako bat da. Bestalde, kadeteen partiduak gurearekin bat egiten zuenez, ezin izan genituen normalean igotzen ditugun jokalari guztiak igo eta Partizipazioko Juniorreko hiru jokalari berri genituen gurekin, partidu honetan debutatuko zutenak.

Partiduari modu ezin hobean ekin genion, oso ondo defendituz eta erasoan baloia ondo mugituz eta gure jokaldiak era bikainean burutuz. Ondorioz, kanasta errazak lortzen genituen eta lehen hiru minutuetan 0-7ko partziala lortu genuen. Lehen laurdenenean, ondo jokatzen jarraitu genuen, zonaren barrualdean nagusi ginen, eta lehen laurdena 10-16 aurretik amaitu genuen.

2. Laurdenak antzeko jarraitu zuen, Atletikoko taldeak ez zigun minik egiten erasoan eta partidua kontrolatuta genuen. 11 puntuko aldeak ere lortu genituen, eta 16. minutuan markagailua 19-29 zen gure alde. 2. laurden honen amaieran 4 minutu eskas izan genituen, baliteke denboraldi osoko 4 minutu okerrenak izatea. 18-3 kontrako partziala izan genuen minutu hauetan, bereziki mingarria azken minutu eta erdia izanik, 11-0ko partziala sartu baitziguten. Presionatu egin ziguten, ez genuen jakin bertatik irteten, baloi asko galdu genituen eta partidutik zeharo joan ginen. Maila honetan, modu honetako deskonexioak garesti irteten dira eta honek ikasteko balio behar digu. Onena guretzat, atsedenaldia iristea izan zen, 37-32 azpitik gindoazela.

3. Laurdenari ondo ekin genion eta markagailua berdintzea lortu genuen. Bertan, partidua gogortu egin zen, bi taldeek ez genuen argitasunik topatzen eta defentsak gailentzen ziren. Laurden honetan, defentsan oso ondo egon ginen, 10 minutuan 6 puntu bakarrik jaso genituen eta laurdenari amaiera paregabea eman genion, azken segundoan saskiratutako hiruko batekin. Laurdenaren amaieran, markagailua 43-48 zen gure alde, baina azken laurdenerako arazo larri bat geneukan, faltena, urte osoan arazorik eman ez diguna. Jokalari batzuk pertsonelekin zebiltzan eta jokalari hauek babesten ahalegindu behar ginen eta beste jokalari batzuk eman zuten aurrerapausoa.

4. Laurdenak nahiko berdindurik jarraitu zuen aurrera, baina betiere 5-6 puntuko aldea zegoen gure alde. Partidua amaitzeko 3 minuturen faltan, markagailua 52-58 zen gure alde. Atletikokoek bi jokaldi on egin zituzten jarraian eta bi puntura gerturatu zitzaizkigun. Markagailua 56-58 zen minutu eta erdi faltan eta partiduaren amaiera zirraragarria izan zen, desegokia bihotz arazoak dituztenentzat. Defentsan ondo ibili ginen, Atletikokoek ez baitzuten kanastarik lortzen eta erasoan ondo jolastea lortu genuen, faltak eskuratuz eta jaurtiketa libreetako marrara joanez. Jaurtiketa libreak izan genituen gure alde partidua amaitzeko, baina 6 jarraian huts egin genituen eta Atletikokoei partidua berdintzeko edota irabazteko aukera eman genien. 30 segundu faltan, markagailuak 56-58 jarraitzen zuen gure alde, baina baloia donostiarrena zen. Ez zuten saskiratzerik lortu eta azken baloia gurea zen 23 segundu faltan. Alboko marratik atera genuen, kamixetatik era argian eutsi ziguten eta kirolez kontrako falta pitatu zuten gure alde. Bi puntuko aldea, bi tiro libre eta baloia gure alde, amaitutako partidua normalean. Baina ez kasu honetan. Tiro libre bat bakarrik saskiratzea lortu genuen, alboko marratik atera genuen eta falta egin ziguten berrio ere 16 segundu faltan. Bietako bat sartuta partidua gurea zen, baina berriro ere biak huts egin genituen. Kontua da erasoko errebotea eskuratu genuela, baina erabaki txar baten ondorioz baloia galdu genuen eta berriro ere Atletikori partidua berdintzeko aukera eman. 7 segundu faltan, 3 puntuko aldea guretzat eta baloia haiena zen. Defenditzea erabaki genuen. Haiek ez zuten saskira jaurtitzerik ere lortu, baloia berreskuratu genuen eta garaipena, 56-59. Amaiezina zirudien partidu honen ondoren eta egin genituen hutsak eginda ere, garaipena azkenean.

Lehenengo partidua Euskal Ligan eta garaipena. Erakutsi dugu liga honetan jolasteko maila badugula, baina ikusi da bertako partidu guztiak oso gogorrak izango direla. Maila onean entrenatzen jarraitu beharko dugu, gero astebukaeretako partiduak konpetitu ahal izateko. Datorren larunbatean, nahiz eta inauteriak izan liga honek ez du etenik eta partidua izango dugu Lasarteko kiroldegian 16.00etan Gasteizko San Viator taldearen aurka. Talde honek, guk bezala, lehenengo partiduan garaipena lortu du, Ordiziaren aurka, beraz beste partidu gogor bat aurretik.