Bloga

Lasarte-Oria Bai Kroseko irabazle guztien artean 1.200 € jasoko dituzte erosketa-txarteletan Aterpeako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko

Ostadar Saiarre Kirol Taldeak 2019an hasitako ohiturarekin jarraituko du eta, aurten ere, urriaren 29an jokatuko den Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoian irabazle suertatzen diren korrikalarien artean 1.200 € banatuko ditu erosketa-txarteletan. Kategoria ezberdinetan sailkatzen diren lehenengo hiru korrikalariek, baita Ipar Martxa eta Roller lasterketako parte-hartzaileek ere, jasoko dituzten txartelak Aterpeako establezimenduetan erabili ahalko dira 2023a bukatu aurretik.

Ekimen honekin trofeoetarako aurreikusita dagoen diru kopurua herrian erosketak sustatzera bideratuko du Ostadar SKTk. “Lasterketaren filosofiarekin bat egiten duen erabakia da, herriarekin eta herriarentzat. Krosa Lasarte-Oriako herriari egiten diogun ekarpen modura ulertzen dugu, eta, Aterpeako komertzioetan erosketak bideratzeko erabakia bide beretik doa”, adierazi dute antolatzaileek. Kros nagusiko lehenengo hiru sailkatuek jasoko dute erosketa-txartela, sailkapenaren eta kategoriaren arabera 60 €, 40 € edo 20 €koa.

Aterpeak ere begi onez hartu du erabakia eta esker oneko hitzak izan ditu antolatzaileentzat. “Urriko azken igandea berezia da Lasarte-Orian, eta hori Krosari eta Ostadarri zor diogu. Gure ikuspegitik, Aterpeako komertzioetan erosketa-txartelak banatzea beste urrats bat ematea da, tokian tokiko komertzioari bultzada ematen diona eta gure egiteko moduarekin bat datorrena”, adierazi dute.