Bloga

Urriaren 29an jokatuko da Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXVI. edizioa

  • Izen-ematea zabalik dago Internet bidez, eta urriaren 20tik aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxean egiteko aukera izango da
  • Ostadar Saiarre Kirol Taldeak edizio guzti hauetan froga antolatzen lagundu duten boluntarioak omenduko ditu
  • BERRIA saria berreskuratuko da, Kale Nagusian jarriko den tarteko helmugan lehenak pasatzen direnek jasoko dute

 

Ostadar Saiarre Kirol Taldeak Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren XXVI. edizioa aurkeztu du. Azkeneko edizioetan bezala, lasterketak modalitate ezberdinak izango ditu: Roller lasterketako bosgarren edizioa eta Ipar Martxako hirugarrena. Eta eguna borobiltzeko, Korrika Festaren 21. edizioa ospatuko da.

 Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiaren XXVI. edizioa urriaren 29an korrituko da, goizeko 10:30ean hasita. Aurkez edizioetan bezala, korrikalariak, patin-lasterkariak eta Ipar Martxako ibiltariak izango dira Geltoki kaleko irteera puntuan (iaz bezala, Ostadarren bulego paretik aterako da). Helmuga berriz, Okendo plazaren sarreran. Parte-hartzaileek 10.000 metroko ibilbidea bete beharko dute (Ipar Martxako ibiltariek, 5.000 metro).

Iazko ibilbidea errepikatuko da hortaz. Beraz, irteera puntua aurreratuta galdutako metroak Txartel pareko industria-gunera sartuta berreskuratuko dira. Nobedade gutxi izango du aurtengo lasterketak; horietako bat, BERRIA saria berreskuratzea. Euskara sustatzeko helburuarekin, BERRIAk eta Ostadarrek hitzarmena sinatu dute eta Kale Nagusian tarteko-helmuga bat jarriko da; eta lasterketa bakoitzeko lehen sailkatuek (emakumezkoa eta gizonezkoa hiru modalitatetan) BERRIAk emandako produktu-sorta jasoko dute.

Izen-ematea, zabalik

Dagoeneko zabalik da izen-ematea, baina momentuz Internet bidez baino ezin da egin www.ostadarskt.eus web orrialdean. Datorren asteko ostiraletik, urriaren 20tik, aurrera Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egiteko aukera zabalduko da, 17:00etatik 20:00etara –astelehenetik ostiralera–. Urriaren 28an, berriz, Mitxelingo frontoian egin ahal izango da (11:00-14:00 eta 17:00-19:30), lasterketa egunean bezala (9:00-10:00). Izen-emateak 15 euroko balioa du; Ostadarreko bazkideentzat, 10 euro. Azkeneko egunerako uzten dutenek –kasu guztietan–, 23 euro ordaindu beharko dute. Hemen dator bigarren nobedadea, azkeneko hamabi urteetan ez baita prezioa igo. “Bizitzaren garestitzeak esparru guztietan eragin du, eta, diru-galerarik ez izateko hartu dugun erabakia izan da”, arrazoitu dute antolatzaileek.

Partehartzaileek dortsalak, kamiseta teknikoak eta horrela egokituz gero, sariak (herriko taberna, jatetxe, okindegi eta komertzioek eskainitako opariak; Reala, Bera Bera Super Amara eta GBC ikusteko sarrerak; eta abar), lasterketa bezperan eta lasterketa egunean jaso behar dituzte Mitxelingo frontoian arestian zehaztutako ordutegian.

Korrika Festa

Nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzean, 12:15ak aldera, Korrika Festaren XIX. edizioa hasiko da. Izen-ematea Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian egin behar da, urriaren 20tik aurrera 17:00etatik 20:00etara. Haur bakoitzak 7 euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta tekniko bana eta lasterketa amaitzean, bestelako opariak izango dituzte.

Lehenengo lasterketak kadete (2008-09an jaioak) eta infantil (2010-11) mailako korrikalarienak izango dira, eta bi lasterketa horiek amaitzean, 2018an jaiotakoak, 2016-17, 2014-15 eta 2012-13 urteetan jaiotakoak aterako dira. Adinaren arabera 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte partehartzaileek.

 Boluntarioei omenaldia

Urte guzti hauetan krosa antolatzen lagundu duten boluntarioak omenduko ditugu, eta haientzat izango da aurtengo 1 dortsala, sinbolikoki bada ere. Guztiak ezin izan ditugu batu, baina gutxi batzuk aurkezpen argazkira gonbidatu nahi izan ditugu. Urtero-urtero, 150 bat lagun aritzen dira zeregin ezberdinetan, eta, haien laguntzarik gabe ezinezkoa genuke Krosa antolatzea. Gure esker onik handiena helarazi nahi diegu, eta, boluntario lanean jarraitzera animatzen ditugu.

Ostadar S.K.T.-k eskerrak eman dizkie lasterketa aurrera ateratzen laguntzen duten babesle guztiei, bereziki: Etxezarreta harategia, Avenida taberna, Bertako Igogailuak, Factory Logistika, Frutas Ruiz fruta-denda, Ventanas San Miguel, Isaac Farré eta Lasarte-Oriako Udala.