Bloga

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia eta Korrika Festa bigarren urtez jarrian bertan behera

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiak aurten ere ez ditu zilarrezko ezteiak ospatuko. COVID 19aren pandemiak eragindako anabasa honetan, neurrien gaineko informazio aldakorra izan da urte osoan zehar eta “normaltasun” batean bizitzen hasiko garen arren, jende pilaketak ekidi aldera, urriko azken iganean ez da krosik izango gure herrian.

 Krosa ez antolatzeko bi arrazoi nagusi izan ditugu. Lehenengoa, garrantzitsuena, 25. urteurreneko ospakizuna. Lasterketak merezi duen ospakizun festa antolatzeko murrizketak izango ditugu, eta ez soilik kirol arloan, baita krosa bukatu ondoren antolatu nahi ditugun ekitaldietan ere. Iaz ere erabaki honek pisu handia izan zuen Kros Herrikoia eta Korrika Festa bertan behera uzteko erabakian, eta ez diogu zentzurik ikusten aurten beste irizpide bat ezartzea.

Bigarrena Eusko Jaurlaritzak orain arte jokatu diren lasterketetan jarritako baldintzekin du zerikusia. Lasterketak antolatzea berez konplexua bada, jartzen dituzten baldintza gehigarriekin are konplexuagoa da. Eta momentu honetan gure lan-taldea ez dago baldintza horiek beteko dituela ziurtatzeko moduan.

2022ra atzeratu

Lasterketa bigarren urtez atzeratzeko erabakia irailean hartu genuen. Azken momentura arte itxaron dugu neurriak aldatuko ziren edo ez jakiteko, baina kontsultak egin ondoren, inork ez zegoen urria bukaeran izango genituen baldintza zehatzak aurreratzeko moduan. Egoera honen aurrean, onena Kros Herrikoia eta Korrika Festa 2022ra atzeratzea dela erabaki dugu.

Iazko prentsa- oharrean 2021 urtean Kros Herrikoia eta Korrika Festa antolatzeko konpromisoa adierazi genuen. Pandemiaren bilakaera ikusita, argi dago konpromisorik ezin dugula hartu. Baina esperantza izaten denez galtzen azkena, 2022ko urriaren 30ean herritar eta bisitariekin batera Lasarte-Oria koloretako zapatilekin alaitzea espero eta desio dugu.