Bloga

Aiako Harrietara buelta, Pirinioen inguruko Parke Naturala

Txusma Perez Azaceta mendizale legazpiarra, baina Lasarte-Orian bizi dena, hainbat liburu idatzi ditu mendizaletasuna sustatzen dutenak: “Los mejores recorridos para conocer la montaña vasca”, “Rutas circulares”, “Rutas y restaurantes con encanto de Gipuzkoa”… Azkena, “Ascensiones desde refugios y albergues de montaña”. Txusmak hilero txango bat egiteko proposamena eskainiko digu eta hau duzue lehena:

 

Aiako Harriko antzinako haitz granitikoak izango ditugu jagole ibilbide honetan, eta Aritxulegi eta Elurretxe mendi-lepoak lotuko ditugu baso ederrak zeharkatuz, meategi zaharren aztarnen artean. San Anton urtegiaren eta Kopako Harria tontorraren gaineko ikuspegiak bikainak dira.

 

Arritxuloko aterpetxeko ateetatik bertatik (440m) igotzen den bidezidorretik iritsiko gara ehiztarien aterperaino (GR 121 -Gipuzkoako Itzulia- informazio-panelaren eta seinaleen ondoan dago). Aterpe ondoan dagoen askaldegia alde batera utzi eta ezkerrera egingo dugu Aiako Harrirantz. Elurretxerako bidea seinaleztatuta ikusten dugun zutoin erakuslearen ondotik igaro, eta bide estu bati jarraituko diogu. Laster, ezkerrera egingo dugu, Erroilbide, Txurrاu eta Irumugarrietako horma ikusgarrien azpitik mendi-hegala zeharkatzeko. Euskal Herriko mendigune granitiko bakarra osatzen duten gailurren trilogia da. Era berean, Pirinioetako kate osoko materialik zaharrena aurki dezakegu. Eskuinetik mendigunearen gailurretarantz doan bidea alde batera utzi, eta bidezidorretik jarraituko dugu, mendiaren goiko aldetik erortzen diren zenbait erreka saihesten dituen bidetik, Elurretxe leporaino beheranzko joera daramana. Aurretik, bidean dagoen belarrak kamuflatutako bunker baten ondotik igaroko gara. Pinuditik igoera labur baten ondoren, Elurretxe leporaino iritsiko gara (1h 20 min – 504 m), mendigune horretan zehar hamaika txango egiteko abiapuntu eta ibilbidearen erdian kokatuta. PR GI-1010 markatutako bidezidorra hartuko dugu, Aireko Palaziorantz doana, pintura zuriz eta horiz seinaleztatua. Pagadian barrena goazela, elurzulo bat ikusiko dugu, elurretxeari izena ematen dion elur-biltegi zaharra (Elurretxe). Pagoen arteko jaitsiera labur batek Ingelesaren Gazteluaren hondakinetara garamatza. Izena duen arren, ez dago gaztelurik. Inguru horretan lan egiten zuten meatzariek ostatu hartu zuten. Hego-ekialderantz doan bidezidorretik jarraituko dugu, mendi-magaletik gora. Putzu artifizial pare baten ondotik igaroko gara, bidean arreta galdu gabe, inguru horretatik hainbat bidezidor baitaude. Aizpegieta lepora (565 m) eta Urtsan aisialdirako gunera iritsiko gara Domiko kanalera jaitsi aurretik. Ubide estu horrek Erroilbideko mendi-magala (832 m) inguratzen du, Aiako Harriaren gailur nagusia osatzen duten hiru gailurretatik handiena. Bidasoa ibai-arroa, San Anton urtegia eta Kopako Harria tontor ikusgarriaren (596 m) gaineko panoramika zabala dugu. Ubideak Aialde jatetxea dagoen errepidera eramango gaitu (360 m – 2h 50 min). Hortik, bidexka zabaldu egiten da, Aritxulegiko leporaino igotzeko (490 m – 3h 10 min) eta, horrela, Aiako Harriko perimetrotik txangoa amaitu. Ibilbide hasieran aterpera jaisteko erabili dugun bidetik itzuliko gara.

Euskal Herriko mendigune zaharrenetakoa

Aiako Harria Euskal Herriko mendigune zaharrenetako bat da, eta Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan dago. Oso ezaugarri bereziak dituzten mendiak dira, ez zirelako orogeniagatik sortu, granitoren sartzeagatik baizik. Parke naturalak 7.000 hektarea inguruko azalera du eta 800 metrotik gorako hiru gailur granitiko ditu: Erroilbide (832 m), Txurrاu (826 m) eta Irumugarrieta (810 m). Parke naturala hiru eremutan bana dezakegu: Añarbeko urtegiaren kokagunea osatzen duten haritz eta pagadi basoak, hiru gailurrak osatzen dituzten arrokak eta Aitzondo edo Endara errekak. Deskubritzeko paisaia handi eta ederra.

Arditurriko meategiak

Bazkaltzera joan aurretik, Aiako Harriko horma bertikal ikusgarrien azpian dauden Arditurriko meatzeetara hurbil gaitezke. Meategiak gure aroko I eta V. mendeen artean induskatu zituzten, eta gaur egun, 15 km galeri baino gehiago daude ikertuta. Interpretazio-zentroan, erromatarrek argentifera galenaren betak, zeinetik zilarra lortzen zuten, ateratzeko meatze-galeria horiek nola zulatu zituzten erakusten digute.

IBILBIDE-FITXA
Ibilbide mota: Aiako Harriko mendigune granitikoa inguratzen duen ibilbide eroso eta ondo seinaleztatua.
Hasierako eta amaierako puntua: Aritxulegiko mendatera iristeko, Oiartzundik GI-3420 errepidea hartu behar da, eta Lesakatik, NA-4000 errepidea.
Distantzia: 10, 7 km
Denbora: 3h 15 min
Desnibela: 515 m

PRODUKTUA
Tolosako babarrunak
Ohiko elaborazioa babarrunak lapiko batean ur hotzarekin, oliba-olioarekin eta tipula xehatu finarekin sartzean datza. Kazola su bizian jarri irakiten hasi arte, eta sua jaitsi. Indabak irakin leun batekin mantentzen dira bi ordu eta erdiz gutxi gorabehera. Egosteak aurrera egin ahala, beharrezkoa bada, ura gehitzen da. Babarrunak egosita daudenean, gatzatu eta su oso leunean eduki minutu batzuetan. Zerbitzatu aurretik, utzi sutatik kanpo atseden hartzen, salda lodi dadin. Tradizioz, kazola berean babarrunak sakramentuekin batera jartzen dira: odolkia, txorizoa, saiheskia, urdaia, aza egosia eta piperminak.

Arritxuloko aterpetxea
Bertako jatetxean bazkaldu daiteko (Aritxulegiko gaina, Oiartzun. www.arritxulo.org/tel.: 943 580 010/info@arritxulo.org)

Aterpe turistiko hau Aiako Harriko Parke Naturalean dago, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko lotunean. 86 pertsona hartzeko gaitasuna du, eta talde handiak zein banakakoak hartzen ditu. Lehenengo egunetik, aterpetxea kudeatzen duen taldea Mikelek, Portuk eta Pepik osatzen dute, eta aterpean giro ona transmititzea lortu dute. Egin daitezkeen jarduerak zabalak eta askotarikoak dira, bai barrualdean, bai aire zabalean, ingurua ikusgarria baita. Taberna/jatetxea urte osoan irekita dago eta espazio oso zabala eta erosoa du. Kalitatezko sukaldaritza tradizionala lantzen dute, eta bezero gehienek esaten dute etxean bezala sentitu direla aterpea uzten dutenean. Sasoiko produktuekin lan egiten saiatzen dira eta menuak aldez aurretik prestatzen dituzte eta bezero guztientzat berdinak dira. Azaroa eta apirila bitartean, plater izarra babarrunak dira, beren sakramentu guztiekin, hau da, aza, txorizo edo odolkiarekin. Udan, erreginak entsaladak dira, modalitate desberdinetan, saihets edo oilasko errearekin batera. Hori guztia Oiartzunen bertan egindako sagardo on batekin lagunduta. Menuaren prezioa 11 eta 16 euro bitartekoa izan daiteke.